Alderantzizko Ingeniaritza, Simulazioa eta Industria 4.0 Lanbide Heziketan

 In Tknika-ri buruz

Sarrera hau beste hizkuntza hauetan dago eskuragarri: Español

Ekainaren 15an alderantzizko ingeniaritza, simulazioa eta industria 4.0 gaien inguruko jardunaldi bat egin zen Tknikan, ikasturtean zehar gai hauen inguruan landutako proiektu desberdinen transferentzia egiteko asmoarekin.

Hasieran Igor Urkiolak alderantzizko ingeniaritzaren inguruko nozioak eta aukera desberdinak azaldu zituen eta Design X bidez egindako lana aurkeztu zuen.  Pieza bat eskaneatu ondoren, laino puntuetatik inprimatu daitekeen STL bat lortzeko edo CAD bat lortzeko eman beharreko pausuak azaldu zituen besteak beste. Proiektu honetan Migel Altuna eta Tolosaldea ikastetxea ibili dira elkarrekin lanean.

         

Ondoren Jose Luis Ormaetxeak fotogrametriaren aplikazioaz jardun zuen; Bidasoan egindako proiektua da hau. Adibide desberdinak erakutsi zituen eta teknika honen zehaztasunaren inguruan aritu zen. Fotogrametria bitartez eta eskaner bitartez lortutako emaitzen arteko konparazioa aurkeztu zuen, zenbait aplikazioetan kostu baxuko teknika hau balioztatuz.

         

MEGP eta Lea Artibairen proiektuarekin jarraitu genuen, Done Ugartek 3Dexperience plataforma aurkeztu eta zuzenean Arrasaten zegoen irakasle batekin hodeian era kolaboratibo batetan nola lan egin azaldu zuen: proiektu baten garapenean dokumentuak partekatu, aldaketak egin, aprobatu, simulazioak egin, emaitzak aztertu… Imanol Perezek berriz plastikoen injekziorako moldeak egiteko orduan 3D inpresioaren abantaila eta desabantailak aztertu zituen, eta FFF teknologia erabiliz egindako inserto batzu erakutsi zituen.

         

Ondoren Jon Arozenak (Bidasoa ikastetxea) konpositeen simulaziorako software aukera desberdinak aurkeztu zituen eta FEMAP NX Nastran-en oinarrituz FEA prozesua azaldu zuen. Miren Canelladak (Tknika) eta Itziar Tolosak (UGLE) karbono zuntzezko korrika egiteko protesi baten simulazioa FEMAP NX Nastran erabiliz azaldu zuten eta paziente bati horrelako protesi bat egokitzeko eman diren pausuak erakutsi zituzten: muinoia eskaneatu, lortutako laino puntuarekin enkajea diseinatu, 3D inpresioa erabiliz PC-ko enkajea fabrikatu eta pazientearen berezitasunak kontutan hartuz korritzeko protesia muntatu. Emaitzak zuzenean ikusi ahal izan genituen Jon Artolaren lankidetzari esker.

         

Jardunaldia amaitzeko Tecnuneko Formula Student taldeko Borja Villanueva eta Cristian Alonsok, aurtengo kotxearen txasisa eraikitzeko orduan hartutako estrategia azaldu ziguten. Txasisaren zurruntasuna handitzeko, oinarrizko txasis tubular metalikoa Karbono zuntzezko eta PVC nukleo arinaz fabrikatutako plaken bitartez egin dute. Guzti hau definitzeko ANSYS erabili zuten simulazioak egiteko eta konfigurazio egokienak aukeratzeko. Karbono zuntzezko plaken fabrikazioa eta txasisari itsastea Tknika eta Tecnunen artean dagoen kolaborazioari esker egin da. Emaitza kotxean bertan ikusteko aukera izan genuen.