MWC 2024-ra bisita

 In Berrikuntza Teknologikoa eta Sistema Adimendunak, Komunikazioak eta hodei-konputazioa

Sarrera hau beste hizkuntza hauetan dago eskuragarri: Español

Tknikako Komunikazioak eta hodei-konputazioa proiektutik munduko telefonia mugikorreko azokarik handienera joateko aukera izan genuen otsailaren amaieran: Mobile World Congress Barcelona 2024. Ekitaldiak, espero zen bezala, berriro ere arrakasta handia izan du: 200 herrialde baino gehiagotik etorritako 100.000 bisitari baino gehiagorekin. Bisitariek 2700 erakusmahai baino gehiago bisitatu eta 1100 hizlari entzun ahal izan zituzten.

Kongresura Mikel Juanes (Tartanga LHIIko irakaslea eta proiektuaren kolaboratzailea), Vicente Llarena (Somorrostro LHIPIko irakaslea eta proiektuaren kolaboratzailea) eta Aitor Iturrioz (proiektuaren koordinatzailea Tknikan) joan ginen eta gure helburuak fabrikatzaileekin eta hornitzaileekin aliantza berriak egitea, merkatuan dauden eta gure zentroetan erabilgarriak izan daitezkeen produktuak ezagutzea eta gure zaintza teknologikoko prozesuaren parte gisa sektoreko azken joerak aztertzea zen.

Jarraian, ikusi genituen gai interesgarrienak eta bideietik ateratako ondorioak zerrendatzen dira:

  • 5G sare pribatuak

Gaur egun 5G teknologien inguruan modan dagoen gaia da eta honi esker mota guztietako sare zelularrak hedatu ahal izango dira hainbat erabilera-kasuren beharrak asetzeko: barnealdeetako estaldura indartzea, ekitaldi zehatz bati (kirolak, kontzertuak, lehiaketak…) konektibitatea ematea, eraikin handietan (hotelak, pabiloiak, kongresu-jauregiak…) konektibitate propioa eskaintzea, industria-plantetan gailuak konektatzea… Tknikako 5G taldeak 2 urte baino gehiago daramatza ildo horretan lanean (lehenik open source proiektuetan oinarritutako soluzioekin, eta orain Tknikan sistema profesional bat instalatuz). Beraz, argi dirudi orduan egindako apustua zuzena izan zela, merkatuak profil profesionalak eskatuko baititu azpiegitura hori modu masiboan hedatzen laguntzeko. Zoritxarrez, teknologia horren hedapena Espainian ez doa espero bezain azkar, beharrezkoa den espektroaren banaketa oraindik ez baitago zehaztuta.

  • “Non-terrestrial” 5G sareak (sateliteak)

Elon Musken Starlink proiektuari esker satelite-sareek azkenaldian garrantzia irabazi duten arren, teknologia mota hau ezezaguna da oraindik publiko orokorrarentzat. Hala eta guztiz ere, erabilera-kasu askotan funtsezkoa da “non-terrestrial” konektibitatea, adibidez: itsasoko/aireko aplikazioetan, garraioa eta baliabideen jarraipenean (konektibitaterik gabeko eremuak), larrialdi-sistemetan, nekazaritzan (estaldurarik gabeko azalera handiak),… Beraz, 3GPPren (5G estandarra garatzen duten enpresen aliantza) ideia mugikor guztietan komunikazio mota hori ezartzea da, ekosistema berdinaren zati gisa. FPEuskaditik, zehazki Somorrosto ikastetxetik, oso lan interesgarria egiten ari da gai honen inguruan Sateliot enpresarekin batera.

  • Cloud eta Edge

Stand askotan “cloud eta edge” hitzak letra handitan irakur zitezkeen; izan ere, telekomunikazioen mundua informatikarekin geroz eta lotuagoa dago, nahiz eta hasiera batean bi munduak hurrunago daudela dirudien. Telefonia-zerbitzuen hedapena ez da softwarearen hedapenaren oso desberdina, eta termino eta teknologia berberak erabiltzen dira: cloud publikoa/pribatua/hibridoa, containerrak (Docker), orkestrazioa (Kubernetes), APIak… Honek 5G eta hodei-konputazio lan-lerroak Tknikaren proiektu berean elkartu izanaren egokitasuna berretsi besterik ez du egiten.

  • IoT

IoT, duela urte batzuk bere goraldia izan eta modan ez zegoela zirudien teknologia, 5Gren eskutik teknologia interesgarrien lehen lerrora itzuli da; izan ere, sare pribatuen erabilerari esker, argi dirudi hari gabeko zein konektibitate mota erabiliko den sentsoreek eta eragingailuek sortutako datu guztiak bidaltzeko/jasotzeko. Telefonia mugikorreko sareen unibertsaltasunak eta malgutasunak (operadore publikoek eskaintzen dituzten estaldura handiak, sare pribatu txikiekin konbinatuta) gauzen Interneteko zerbitzuen aliatu oso interesgarria bihurtzen dute.

  • Beste erabilera-kasuak

Pabiloietan zehar, beste esparruekin lotura duten gailuak eta aplikazioak ere ikusi ahal izan genituen: robotika, adimen artifiziala, antenak eta komunikazio-ekipamendua, droneak, konektatutako ibilgailuak…

Azokaren ikuspegi nagusia teknikoa edo hezitzailea baino gehiago komertziala den arren, beti da aberasgarria horrelako kongresuetara joan ahal izatea eta telekomunikazioen sektoreko eragile garrantzitsuenekin iritziak, esperientziak eta helburuak trukatzea. Datorren urtean ere esperientzia errepikatu eta ondorioak zuekin partekatzen saiatuko gara. Adi egon!

Erlazionatutako proiektua

Komunikazioak eta hodei-konputazioa