CRISTINA URIARTE EUSKADIKO LANBIDE HEZIKETAN PRESTAKUNTZA JASOTZEN ARI DIREN IRAKASLE ETA IKASLE TXILETARREKIN ELKARTU DA
Sarrera hau beste hizkuntza hauetan dago eskuragarri: Español
Txileko Gobernuaren bekadun, 81 irakasTxileko Gobernuaren bekadun, 81 irakasle eta ikasle Euskadiko Lanbide Heziketan ari dira prestakuntza-egonaldia egiten
Irakaskuntza eta ikasketa metodologia aktibo eta kolaboratiboen inguruko formazioa jasotzen ari dira; edo ezagutza sakontzen eguzki-energia, mekatronika nahiz elikagaien bioteknologia arloetan
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, Txileko lizeo teknikoetako irakasle nahiz ikasle talde batekin elkartu da gaur eguerdiz Lakuan. Euskadiko Lanbide Heziketan prestakuntza-egonaldia egiten ari dira hilabete hauetan txiletarrok. Irakasleak eta ikasleak batuta, 81 laguneko taldea osatzen dute, guztiak ere Txileko Hezkuntza Ministerioaren beka jaso dutenak, Técnicos para Chile programaren baitan. Hauetako batzuek hil honen amaieran amaituko dute Euskadiko egonaldia, eta beste batzuk aldiz, ekainera arte izango dira gure artean.
Aipatutako programa horrek bi beka mota ditu: bata prestakuntza teknikoko irakasleentzat, eta bestea bi urteko lan esperientzia duten prestakuntza teknikoko tituludunentzat (ikasleentzat).
Bekadunak
Lehenengo modalitatean, industria-adarretako zein zerbitzu-adarretako 24 irakasle ari dira hilabete hauetan prestakuntza jasotzen Euskadiko Lanbide Heziketan. Formazioa jaso dute irakaskuntza eta ikasketarako metodologia aktibo eta kolaboratiboen inguruan, eta bereziki, Euskadiko Lanbide Heziketan nola ezarri den errendimendu handiko eredu hori. Aipaturiko eredu horretan elementu nagusia lankidetzazko ikaskuntza da, erronketan oinarritutakoa. Horretarako Tknikan jaso dute prestakuntza lehenik, Lanbide Heziketako zenbait euskal ikastetxetan abian diren esperientziak ere ezagutu dituzte eta, azkenik, aukera izan dute, espezialitate bereko lankideekin, Euskadiko ikastetxetako eguneroko giroa bizitzeko. Era berean, metodologia horiek Txileko ikastetxeetan aplikatzeko proiektua egiteko aholkularitza ere jaso dute. Izan ere, hemen ikusia eta ikasia praktikara eraman beharko baitute Txilera itzultzean.
Txileko irakasleek interes handiz jarraitu dute metodologia honek nola jartzen duen ardatza ikasleengan –izan ere, ikaslea bera baita bere ikasketa prozesuaren protagonista-, eta nolako garrantzia duten zeharkako gaitasunek bertan, hala nola, talde lanak, erantzukizunak edo ekintzailetzak.
Bigarren modalitatean, prestakuntza teknikoko tituludunei dagokienean, 57 ikasleko talde bat dugu Euskadiko Lanbide Heziketan, nor bere espezialitate teknikoan ezagutza sakontzen, hiru ikastetxetan banaturik: Usurbil LHII; Lea Artibai Ikastetxea; eta Goierri Eskola. Honako arlo hauetako prestakuntza jasotzen dute: Eguzki-instalazio fotovoltaikoak; Eguzki-instalazio termikoak; Elikagaien zientzia eta bioteknologia; Mekatronika; eta Eraikuntza metalikoen ekoizpena.
Enplegagarritasuna  eta  enpresen  lehiakortasuna
Bilkuran  zehar,  Hezkuntza  Sailak  Txileko  Gobernuarekin  hamarkada  bat  baino  gehiagoz  duen  akordioa  eta  harremana  izan  ditu  hizpide  Cristina  Uriarte  Hezkuntza  sailburuak.  “Benetan  uste  dut  akordio  hau  aberasgarria  dela  bi  herrialdeentzat.  Dakizuen  bezala,  munduaren  ertz  guztiak  elkarri  konektatuta  ditugu  egun.  Ez  bakarrik  informaziorako  edo  komunikazioetarako  sarbideagatik,  baita  ekoizpenaren  esparruan  edo  prestakuntzarenean  dauden  harremanengatik  ere  “.  Horregatik,  gaineratu  duenez,  “pozgarria  da  zuen  prestakuntza  hobetzen  lagundu  ahal  izatea,  duela  zenbait  urte  gurekin  lan  egitea  erabaki  zuen  Txileko  irakasle  talde  baten  prestakuntzan,  beste  hezkuntza-praktika  eta  -esperientzia  batzuk  ezagutzeko  asmoarekin”.
Horrela bada, Uriartek Euskadiko Lanbide Heziketaren ezaugarri nagusiak azaldu dizkio Txileko ordezkaritzari. “Euskadin Lanbide Heziketa oso dinamikoa dugu, askotariko sektoreei erantzuna ematen diena, indargune handiak dituena eta bere proiektuak bi helburu zehatzetara bideratzen dituena: gure enpresen lehiakortasuna; eta gure biztanleria aktiboaren enplegagarritasuna, jakinda gero eta gehiago mugituko garela ingurune zalantzagarrietan eta gero eta konplexuagoetan”, adierazi du. “Gure Lanbide Heziketak horretan egin duen eta egiten duen lana, funtsezkoa izan da. Aurrerapen teknologikoek, ekoizpen prozesuetan gertatu diren aldaketek, material aurreratuek eta pertsonen enplegagarritasunak ikasleen prestakuntzan etengabe aldaketak egiten jarraitzea eskatzen dute. Nahitaezko aldaketak dira, gure herrialdeen onura ekonomikoaren alde aritu nahi badugu. Benetan uste dut produkzio-sektoreen benetako beharrekin guztiz bat datorren prestakuntza dugula”.
Azkenik, zuzentzen duen Sailak arreta bereziz zaintzen duen beste alderdi bat nabarmendu du Uriartek: Euskadiko Lanbide Heziketaren nazioartekotzea. “Zuek hemen egotea da horren adibide, eta guretzat funtsezkoa da. Aurrerantzean gure enbaxadore onenak izan zaitezten nahi nuke. Euskadin defendatzen ditugun baloreak zabal ditzazuela, eta Euskadi laguntza emateko nahiz jasotzeko prest dagoen herria dela konta dezazuela, etxera itzultzen zaretenean” esan du amaitzeko.
Técnicos  para  Chile  programa
Euskadik  2008tik  du,  Hezkuntza  Sailaren  bidez,  Txileko  Hezkuntza  Ministerioarekin  lankidetza  hitzarmena,  herrialde  hark  Técnicos  para  Chile  programa  abian  jarri  zuen  lehen  urtetik,  hain  zuzen  ere.  Lehen  urte  hartan  programak  150  beka  eman  zituen,  eta  horietatik  55  bekadun  Euskadira  etorri  ziren  prestakuntza  jasotzera.  Ordutik  hona,  600  teknikaritik  gora  (ikasle  nahiz  irakasle)  izan  dira  euskal  ikastetxeetan  euren  prestakuntza  osatzen.
Tknika arduratzen da, Zubigune fundazioarekin batera, koordinazio lanak egiteaz Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen eta Txileko programaren arduradunen artean.
 
			    
			    			    
			    			             



 
			                	