BALIOAK TXERTATUZ FP EUSKADI-N

 In Ikaskuntzak eta etekin handia, LH Proiektuak

Sarrera hau beste hizkuntza hauetan dago eskuragarri: English, Español

Balioak 4.0  proiektuaren bidez balioetan oinarritutako prestakuntza txertatu nahi dugu Euskadiko LHko heziketa-zikloetan. Horrela, gure ziklo formatiboetako ikasleek, beraien lanbideko gaitasun teknikoez gain eta FP Euskadi ikaskuntza-ereduaren bidez entrenatzen ditugun gaitasun pertsonal eta sozialez gain, oinarri etiko sendoa garatuko dute, pertsona eta profesional gisa.

Proiektuak proposatzen duen prestakuntza-ibilbidean 3 bloke hauek jorratzen dira:

  1. Erantzukizunaren printzipioa eta erantzukizun indibidualaren garrantzia erantzukizun kolektibora iristeko.
  2. FP Euskadiko 4.0 Balioak: solidaritatea, inklusioa, ekimena eta interdependentzia.
  3. Enpresen Gizarte Erantzukizunaren hiru irizpideak: Gobernu ona/etika, ingurumena eta gizartea.

Ikasturtero gure inguruko enpresa bat gonbidatzen dugu, gizarte-erantzukizunaren irizpideak integratzeko eta garapen jasangarriko helburuetan proposatutako helmugak betetzeko zer egiten ari diren ezagutzeko. Ikasturte honetan Mondragon Corporationek ‘Enpresen Ekarpena Gizarteari’ izenburuko Master Class-a eskeini die Euskadiko LHko ikasle guztiei. Ekitaldia Tolosaldea LHIIn izan da eta internet bidez jarraitu ahal izan da. Gure ikasleak irizpide horietan trebatzea etorkizun iraunkorrago eta gizatiarrago bat sortzen laguntzeko prestatzea da.

Ikasleengana iritsi ahal izateko, ezinbestekoa da irakasle-taldeen prestakuntza. Irakasleek proiektuak proposatzen duen prestakuntza-ibilbidea ulertu behar dute, beren erronketan eta ikasgelako dinamiketan integratu ahal izateko eta beren egunerokotasunean balioen begirada txertatzeko. Helburu horrekin, Tknikako Ikaskuntzen eta Etekin Handiaren Arlotik 50 orduko prestakuntza aktibo, elkarlanekoa eta bizipenezkoa antolatzen dugu. Ikastaro horretan, parte-hartzaileek beren heziketa-zikloan balioak integratzeko plan bat diseinatzen dute. Guztira, 121 irakaslek parte hartu dute Tknikak orain arte antolatutako ikastaroetan.

Gainera, beren irakaskuntza-lanean balioak txertatzen ari diren irakasleei laguntzen jarraitzen dugu. Aurten, hainbat topaketa egin ditugu, eta, horietan, irakasleek eskuzabaltasunez partekatu dute balioen formazioa zikloetan txertatzeko egiten ari diren lana. Ideiak partekatu eta eztabaidatu ditugu. Horrela, elkarlanean arituz, denok ikasten dugu eta lankidetza horretan balioak dituzten profesionalak formatzeko helbururarekin aurrera goaz.

2020-2021 ikasturtean 29 ikastetxe ari dira proiektuan parte hartzen. Irakasleen inplikazioa eta konpromisoa giltzarri izaten ari dira balioetan oinarritutako prestakuntza-ibilbide hori aldaketa-eragileak izango diren profesionalen belaunaldi berrira iristeko.

Erlazionatutako proiektua

ETHAZI