Tknikak IoT teknologian oinarritutako Learning Management System Framework bat aurkeztu du CLF 2026 kongresuan
Sarrera hau beste hizkuntza hauetan dago eskuragarri: English, Español
Tknikak parte hartu du Learning Factories Conference (CLF) 2026 kongresuaren 16. edizioan, maiatzaren 5etik 7ra bitartean Bolzanon (Italia) ospatu den nazioarteko topaketan. Ekitaldia fabrikazio aurreratuaren hezkuntzan eta etorkizuneko industriarako gaitasunen garapenean berrikuntza sustatzeko erreferentziazko foroetako bat da.
“Next-Gen Learning Factories” goiburupean, kongresuak 26 herrialdetako 150 ikertzaile, irakasle, industria-aditu eta profesional inguru bildu ditu, ingeniaritza-hezkuntzaren, eraldaketa digitalaren, adimen artifizialaren, jasangarritasunaren eta pertsonengan oinarritutako ikaskuntza-ereduen azken joerak aztertzeko.
Programa teknikoaren barruan, Tknikak “An IoT-Enabled Learning Management System Framework for Learning Factories” short paper-a aurkeztu du, Ione Ituarte eta Aitor Otaño egile dituen artikuloa. Lanak IoT teknologietan oinarritutako ikaskuntza-kudeaketarako sistema baten esparrua proposatzen du, Learning Factory inguruneetan ikaskuntza-jarduerak, datuen bilketa eta prozesu operatiboak integratzeko. Proposatutako ikuspegiak prestakuntza-esperientzien kudeaketa, jarraipena eta pertsonalizazioa hobetzea du helburu fabrikazio aurreratuko ikaskuntza-inguruneetan. Artikuluan aurkeztutako lanketa SkillAIbility proiektuaren esparruan garatu da, eta pertsonengan oinarritutako ikaskuntzaren eta pertsonen eta adimen artifizialaren arteko lankidetzaren ikuspegiarekin bat dator.
CLF 2026 kongresuan parte hartzeak aukera eman dio Tknikari bere lana nazioarteko Learning Factory komunitatearekin partekatzeko eta adimen artifiziala, fabrikazio digitala, jasangarritasuna, gamifikazioa eta Industry 5.0 bezalako gaietan lanean ari diren ikertzaile eta profesionalekin esperientziak trukatzeko.
Beste behin ere, kongresuak agerian utzi du Learning Factories ereduen garrantzia hezkuntza, ikerketa eta industria lotzeko, etorkizuneko fabrikazioaren erronkei erantzuteko beharrezkoak diren gaitasunak garatzen lagunduz.



