Baserriberri itxiera jardunaldia Donibane Lohitzunen
Sarrera hau beste hizkuntza hauetan dago eskuragarri: Español
BASERRIBERRI Europako proiektuak amaiera ekitaldia egin du Donibane Lohizuneko Le Sélect zineman, egurrezko eraikuntzan eta egituren zaharberritzean espezializatutako mugaz gaindiko prestakuntza-ekimen berritzaile bati amaiera emanez. Jardunaldian ikasleak, erakunde laguntzaileak eta Nafarroako, Euskadiko eta Akitania Berriko erakundeetako ordezkariak bildu dira.
Jardunaldiaren amaiera Begoña Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak egin zuen, lankidetza-lanaren garrantzia azpimarratuz. Era berean, BASERRIBERRI bezalako ekimenen balioa nabarmendu zuen, Euroeskualde osoaren garapen ekonomiko, sozial eta kulturala sustatzeko tresna gisa. Halaber, mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzia azpimarratu zuen, Europar Batasunaren barruan kohesio ekonomiko eta lurraldekoa indartzeko bide gisa, ikaskuntza, berrikuntza eta garapenerako espazio partekatuak sortzea ahalbidetzen baitu.
Jardunaldian zehar, erakundeetako ordezkarien parte-hartzearekin mahai-inguruak ere egin ziren. Bertan, proiektuaren ondareari eta egurrean oinarritutako eraikuntzan eta ondarearen birgaitzean espezializatutako etorkizuneko mugaz gaindiko prestakuntza-gune bat sendotzeko aukerei buruz hausnartu zen. Jon Labaka, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza saileko lanbide heziketako sailburuordeak lurralde-lankidetzaren esparru honetan lanean jarraitzearen garrantzia nabarmendu zuen, eta bereziki balioan jarri zuen hezkuntza eta formakuntzaren arloan egindako lana. Horrez gain, erakundeen, ikastetxeen eta lurraldeko eragileen arteko lankidetzari esker lortutako emaitzak azpimarratu zituen.
Erakundeetako ordezkariek bat egin zuten mota honetako proiektuak sustatzen jarraitzeko beharrarekin; izan ere, mugaren bi aldeetan kualifikazio-, enplegu- eta ondare komunaren zaintzarako aukera berriak sortzen laguntzen dute.
Ekitaldiko une nagusietako bat BASERRIBERRI dokumentalaren estreinaldi ofiziala izan da. Carlos Portella Núñez zinemagileak zuzendu duen ikus-entzunezko lanak proiektuaren prestakuntza-prozesu osoa jasotzen du, ikasleen ibilbide pertsonal eta profesionala erakutsiz: ikasgelako eta tailerretako lehen saioetatik Tomasenea baserriko zurezko egituren benetako zaharberritzera arte. Dokumentalak lekukotasun baliotsua eskaintzen du lanbide tradizionalen transmisioari, ondare arkitektonikoaren zaintzari eta mugaz gaindiko lankidetzaren garrantziari buruz.
Proiektuaren bidez, landa-eraikinen berrikuntzan aplikatutako arotzeria tradizionaleko tekniketan 12 langabe prestatu dira, eta horietatik bederatzik titulazio egiaztatua lortu dute. BASERRIBERRIk irakaskuntza partekatuko eredu berritzaile bat garatu du, Angleteko Compagnons du Tour de France erakundeko irakasleak eta Nafarroako Donibane LHII, eta Euskal Herriko Easo Politeknikoa eta Bidasoa ikastetxe publikoetako profesionalak elkarlanean arituz, tokiko eraikuntza-ondarea babestu eta balioan jartzeko.
Peio Martikorena Fundazioak sustatutako ekimenak erakunde eta lurralde arteko lankidetza zabala izan du, Nafarroako, Euskadiko eta Akitania Berriko hezkuntza-, enplegu- eta garapen-erakundeak elkartuz. Aliantza horri esker, prestakuntza, laneratzea, ondarearen berreskurapena eta Europako lankidetza uztartzen dituen esperientzia berritzailea garatu da.
BASERRIBERRI proiektua Europar Batasunak %65ean kofinantzatu du Interreg VI-A Espainia–Frantzia–Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez.




