19 taldek parte hartuko dute larunbat honetan Lanbide Heziketako ikasleek egindako ibilgailu elektrikoen 2021eko Euskelec lehiaketaren azken fasean

 In Berrikuntza Teknologikoa eta Sistema Adimendunak

Sarrera hau beste hizkuntza hauetan dago eskuragarri: Español

HEZKUNTZA SAILEKO PRENTSA OHARRA

 

Ibilgailu elektrikoek proba dinamikoak eta erresistentziakoak egingo dituzte larunbatean, Bilboko Itsas Museoaren aurrean jarriko den zirkuitu batean

Ekimenaren helburua da ikasleen arteko talde-lana sustatzea, eta jarduera esperimentala eta sormenezkoa oinarritzea ibilgailu elektrikoen ezagutza teknikorako elementu pedagogiko gisa

 

Gaur goizean aurkeztu da Bilboko Ensanche eraikinean, lanbide-heziketako zentroek ekoitzitako ibilgailu elektrikoen Euskelec lehiaketaren laugarren edizioa. Rikardo Lamadrid Intxaurraga Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak parte hartu du ekitaldian, eta harekin izan da Koldo Narbaiza Olaskoaga Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntzako zinegotzia. Aurkezpenean izan dira, halaber, Gaizka Lazarobaster TKNIKAko (LH, Hezkuntza Saila) Automozioko arduraduna eta Xavi Safont Aparicio Alterityko bazkide sortzaileetakoa .

 

Larunbat honetan, hilaren 29an, lehiaketaren azken fasea jokatuko da Bilboko itsas museoaren aurrean, 10:00etatik 18:00etara. «Ibilgailuen proba dinamikoak eta erresistentziakoak egingo dira, eta bertatik bertara ikusi ahal izango da zentroek ikasturtean egin duten lanaren emaitza», zehaztu du Rikardo Lamadridek.

 

Lehiaketaren deskribapena
Euskelec lehiaketan Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleek ibilgailu elektriko bat diseinatzen eta eraikitzen dute, oinarri eragile komun batetik abiatuta (motorra, motorraren kontrolatzailea eta bateriak), talde-lana sustatzeko, eta jarduera esperimentala eta sortzailea elementu pedagogiko gisa erabiltzeko, ibilgailu elektrikoen ezagutza teknikorako. Potentzia-trena Alterityk garatu du Euskal Herrian. Alterity enpresa Barakaldon dago eta elektromugikortasunerako eta industria-makinetarako litiozko bateriak egiten ditu.

 

Lehiaketak bi fase ditu; batetik, fase teknikoa eta sormenezkoa (proiektuaren memoria, diseinua eta berrikuntza, besteak beste) eta, bestetik, fase dinamikoa. Azken horretan, ibilgailuen prestazioak, ezaugarriak eta diseinua ebaluatzen dira, eslalom, azelerazio eta gehieneko balaztatzeko proben bidez, besteak beste.

 

Lehen fasea AIC Centerren instalazioetan egin zen, Zornotzako Boroa enpresa-parkean, maiatzaren 6an. Proiektuaren aurkezpenak egin ziren, bai eta ibilgailuen aurretiko egiaztapenak ere.

 

Bigarren fasea datorren maiatzaren 29an egingo da, Bilboko itsas museoaren aurrean. Egun horretan, bada, taldeek beren prototipoak probatuko dituzte proba dinamikoetan.

 

Parte hartzen duten taldeak      
Gero eta talde gehiagok parte hartzen dute; egun, 19 talde lehiatzen dira, eta aurtengoa Euskaditik kanpoko zentroak lehiatzen diren lehen edizioa da (Kantabriako lau eta Zaragozako bat). Hona hemen parte hartzen duten zentroen zerrenda:

1 San Viator zentroa
2 Bidebieta LHII
3 San Jorge LHII
4 Iurreta LHII
5 Elorrieta-Errekamari LHII
6 Aretxabaleta lanbide-eskola
7 Otxarkoaga prestakuntza-zentroa
8 Miralbueno BHI
9 Ortzadar ikastetxea
10 UGLE
11 Somorrostro prestakuntza-zentroa
12 Ikasauto
13 Emilio Campuzano LHII
14 Meka LHII
15 Egibide
16 Nuestra Señora de Los Remedios BHI
17 San Juan Bautista ikastetxea
18 1. LHko zentro integratua (1. taldea)
19 1. LHko zentro integratua (2. taldea)

 

Lehiaketaren xehetasunak  
Bigarren fasea datorren maiatzaren 29an egingo da. Hona hemen ordutegia eta ibilbidea:

7:00. Taldeak sartzea
7:00-8:30. Taldeei harrera egitea, eta akreditazioak eta boxaren giltzak ematea
7:30-9:30. Ibilgailuen azterketa teknikoa
9:45-10:45. Balaztatze-proba
11:00-12:00. Azelerazio-proba
12:15-13:15. Eslalom-proba
13:30-14:00. Sailkapena
14:00-15:00. Bazkaltzeko etenaldia
15:15-16:30. Erresistentzia-proba
16:45-17:45. Sari-ematea
17:45. Ekitaldiaren amaiera

 

Bilbon, 2021eko maiatzaren 26an

Erlazionatutako proiektua

Euskelec