Lanbide Heziketako irakasle talde bat Austrian
Sarrera hau beste hizkuntza hauetan dago eskuragarri: Español
Pasa den astean, Lanbide Heziketako ikastetxe desberdinetako eta Tknikako sei pertsonez osaturiko irakasle talde batek, Erasmus+ europar deialdiaren barruan antolatutako mugikortasun bidai batean parte hartu du Austriako hiru hirietan zehar.
Mugikortasun proiektu honen gai nagusia Fabrikazioa Aurreratua izan da, eta honen barruan bereziki, Eransketa Bidezko Fabrikazioa edo Fabrikazio Aditiboa. Gai honekin zuzenean edo zeharka zerikusia duten zenbait bisita eta bilera egin dira enpresa, Lanbide Heziketa Ikastetxe eta Unibertsitateekin. Eginiko bisita guztien balorazioa oso positiboa izan da, eta gertutik ezagutu ahal izan ditugu zenbait proiektu, lan ildo, eta esperientzia, gehienak, aditiba teknologia hauetan oinarrituta eta beste bat 4.0 industrian, “Smart Lab” edo Fabrika Adimendu esperientzia bat.
Fabrikazio aditiboari dagokionez esperientzia eta teknologia desberdinak ezagutzeko aukera izan dugu, material metalikoak eta ez metalikoak lantzen dituztenak, enpresa eta esperientzia berriak batzuk, eta ibilbide luzea dutenak besteak, denak ere punta-puntako berrikuntza maila oso altuan ari direnak.
Ondorengo hauek aipatuko genituzke:
- Genera3D enpresa berri eta berritzailea, DLP (Digital Light Processing) teknologia erabiltzen duena, material eta funtzionalitate berriak frogatzen eta parametrizatzen bezeroekin harreman estuan.
Arku bidezko DED (Directed Energy Deposition) prozesuetarako soluzioak garatzen dituzten beste bi enpresa oso garrantzitsu ikusteko aukera ere izan genuen, alde batetik:
- SBI International, plasma arku bidezko soluzio bereziak garatzen dituen enpresa txikia baina punta-puntakoa, azken urte hauetan aditiba munduan ere pauso garrantzitsuak ematen ari dena eta oso soluzio berritzaileak, hari edo hauts formatuak erabiliz kalitate eta eskakizun handiko soluzio berezietara bideratzen dena, eta bestetik…
- Fronius enpresa, mundu mailako soldadura enpresa garrantzitsua, baita ere bere berrikuntza mailagatik bereizten dana industrian, automozioa soldadura aplikazioetan hedadura handia duena eta baita ere aditibarako oso soluzio aurreratuak dituena, kasu honetan arku bereziko MIG soluzioetan oinarritua. Aipagarria da nola txertatzen ari diren 4.0 industriako teknologiak euren produktuetan, fabrikazioa prozesuak guztiz kontrolatuta daudela bermatzeko.
Azkenik, harrera bazkidea izan dugun FH Joanneum aipatu behar dugu eta honen barruan daukaten
- “Smart Production Lab” proiektua, enpresa txiki eta ertainen artean eraldaketa digitala bultzateko sortu duten 600 m²-ko espazioa, 4.0 industriaren eremu guztiak barneratzen dituen espazioa, mota askotariko prozesu aurreratuak, hauen simulazio eta monitorizazioa, 3D fabrikazioa, kudeaketa sistema orokorrak eta neurrira garatutakoak, zibersegurtasuna, robotika autonomoa, sormen eta lan espazioak, eta abar.
Mugikortasun honen balorazioa oso positiboa izan da, esperientzia eta kontaktu berri asko egiteko aukera izan dugu eta Fabrikazio aurreratuarekin oro har eta Aditiboarekin bereziki zerikusia duten enpresa eta lan-ildo garrantzitsuak bertatik ezagutzeko aukera izan dugu, eta teknologia hauek gaur egun izaten ari diren eta etorkizunean izango duten garrantziaz jabetzeko ere bai. Bisita eta egonaldi guztietan jasotako harrera eskertzea besterik ez zaigu geratzen. Mila esker bihotzez.