Eransketa bidezko fabrikazioa

Eransketa bidezko teknologien garapena eta bere inplementazioa Lanbide Heziketako ikastetxeen bidez.

Proiektu honen jabea:Lanbide heziketari aplikatutako berrikuntza arloa

Eransketa bidezko fabrikazioa alor garrantzitsuenetako bat da, etorkizunean hazkunde eta garapen handiena aurreikusten zaiona gainera, Fabrikazio Aurreratuaren (Advanced Manufacturing) funtsezko prozesuetako bat da-eta. Eransketa bidezko fabrikazioa, 3D-Printing terminoarekin lotu ohi dena, produktuak bururatzeko, diseinatzeko eta fabrikatzeko modua transformatzen ari den ahalmen berritzaile handiko teknologia multzoa da.

Tknikatik espezializazio-esparru bat bultzatzen ari gara, Tknikaren beraren prozesuaz gain, Lanbide Heziketako hainbat ikastetxetan eransketa bidezko fabrikazioarekin erlazionatutako proiektuak integratzen dituena. Honela garatzen ari dira:

  • Elgoibarko IMHn: LMD teknologia (Laser Metal Deposition). Laser-iturri baten bitartez urtzen da buru ardazkide baten bitartez hornitutako metalezko hautsa. Buruak materiala jalkitzen du laser-izpien sortak eragiten dion gunean, pieza egiteko programatutako ibilbideetan zehar.
  • Ordiziako Goierri Eskolan: SLM teknologia (Selective Laser Melting). Aldez aurretik jalkitako hauts-geruza finak selektiboki urtzen dira; laser-izpien sortak geruza bakoitzean behar den sekzioa besterik ez du urtzen.
  • Tknikan: plasma-arkuzko hari-ekarpeneko teknologia, DED familiakoa (Direct Energy Deposition). Funtsean, material-ekarpena modu ordenatuan egiten da, bainu urtu gisa, hari metaliko bat plasma-arku elektriko baten eraginpean urtzearen ondorioz.

 

Teknologia horiek guztiek, oro har, eransketa bidezko fabrikazioarekin erlazionatuta dauden teknologien sorta zabala ordezkatzen dute. Horietako bakoitza bereziki egokia da industriarako soluzio-tipologia zehatz baterako. Hala, “hauts-ohean” oinarritutako prozesuak, SLM esaterako, bereziki egokiak dira tamaina txikiko edo ertaineko piezak dimentsio-zehaztasun handiko mailekin eta geometria eta diseinu oso konplexuekin lortzeko, beste edozein prozesurekin ezin imajina daitezkeen formak eta soluzioak lortzeko aukera ematen dute-eta. Zuzeneko prozesuei dagokienez, bai laser eta hauts bidezkoak, bai arku elektriko eta hari bidezkoak, bereziki egokiak dira tamaina ertaineko eta handiko piezak lortzeko, 0.2 – 1.5 kg/ordu-ko materialen jalkitze-tasekin LMD teknologien kasuan eta 1.5 – 7 kg/ordu-ko tasekin arku eta hari bidezko prozesuen kasuan.

Eransketa bidezko fabrikazioa garapen betean dagoen teknologia da eta hainbat garapen-ildo ditu loturik. Horietako batzuk interes handikoak dira guretzat eta lantzen ari gara:

  • Industrian aplikatzeko kasu praktikoen garapena. Fabrikazio-prozeduren eta estrategien definizioa.
  • Diseinuko, simulazioko eta ordenagailuz lagundutako fabrikazioko (CAM) softwarea, prozesu bakoitzaren beharren arabera.
  • Prozesuaren kontrola, monitorizazio-teknologiak.
  • Materialen portaera metalurgikoa, hondar-tentsioak eta tratamenduak.

Proiektu honen helburu orokorra da Euskal Autonomia Erkidegoan eransketa bidezko fabrikazioaren garapena sustatzea, “manufacturing” aurreratuaren barruko funtsezko alderdietako bat baita. Horretarako, ezinbestekoa da Tknikatik:

  • Eransketa bidezko fabrikazio-prozesuekin erlazionatutako artearen egoera ezagutzea.
  • Plasma bidezko eransketa bidezko fabrikazio-prozesua menderatzea lortzea, erreferente izan gaitezen Lanbide Heziketako ikastetxeentzat.
  • Eransketa bidezko fabrikazioaren erabilera eta haren soluzioak garatzea eta Lanbide Heziketako ikastetxeen artean hedatzea, eta, horien bitartez, enpresetara helaraztea.

Proiektu honi lotutako albisteak: