LIHOA LANTZEN

 In Tknika-ri buruz

Sarrera hau beste hizkuntza hauetan dago eskuragarri: Español

Euskadiko LHko Bioekonomia Aplikatuaren Sareko partaide eta kide den Fraisoro Lanbide Heziketa eskolak, lihoa erein eta jasotzea lortu du aurten estreinako aldiz, itxaropen eta etorkizun handiko laborea.

Ikasle eta irakasleak izan dira egitasmo horren protagonistak, eta Tknika proiektuaren sustatzailea.

Bi liho mota (zuntzetarakoa eta oleaginosoa) erein eta jasotzearekin, ondorengoa bilatzen da:

  • Labore historiko bat berreskuratzea.
  • Usadio tradizionalak eta oraingo berrikuntza eta teknologia elkartzea.
  • Gaur egun dagoen biomaterial-eskariari erantzuna ematea.

Lihoa landare jatorriko ehunik erabiliena izan zen Europan kotoia ezagutu aurretik, eta ondoren ere estimatuena izaten jarraitu du. Linun usitatissimum (“lihorik erabilgarriena”) landaretik ateratako zuntzekin osatzen da, eta ezaugarri apartak ditu: gogorra eta leuna da, hezetasun dezente xurgatzen du busti gabe, eta hezetasun hori galtzeko ere erraztasuna du. Hori dela eta, hainbat erabilera eman izan zaizkio, barne-arropa eta udako jantzietan batez ere, baina baita paper eta sokak egiteko lehengai bezala, edota belaontzien belatarako.

Euskal Herrian bertan lihoa erein eta iruteko ohitura zegoen. Oraindik kontatzen diren istorioak egia badira, garai batean, aitak soro zati bat uzten zion 11 urte bete berri zituen alabari, lihoa hazi eta harekin bere ezkontzarako jantziak prestatzen joan zedin.

Ohitura horiek galdu badira ere, antzinatik erabilitako zuntz horiek, ordea, material aitzindarien artean ere badute beren lekua. Ikerlariek ikusi dutenez, liho-zuntzak beira-zuntzak adinako gogortasuna du, haren pisu erdiarekin. Gainera, karbono-zuntzarekin ere nahastu daiteke, karbono hutsaren gogortasuna mantenduz, baina hark baino hobeto absorbatuz bibrazio-dardarak, pisua eta prezioa gutxitzen dituen aldi berean. Hartara, mota askotako industriatan erabiltzen hasi da: altzariak, musika eta kirol tresnak, edota auto-industria..

Beste abantaila nabarmen bat ere badu zuntz sintetikoen aldean: jatorri naturalekoa denez, material askoz ere iraunkorragoa da, hondakinik ez du apenas sortzen eta atmosferara karbono-isuria gutxiagotzen lagundu dezake. XXI. mendeko erronketarako material aproposa, ikusten denez.

Bestalde, haziak ere erabilgarriak dira hainbat arlotan: Omega 3n oso aberatsak dira, eta giza-elikadura zein pentsutarako erabiltzen dira. Haietatik ateratzen den olioak, gainera, tinta, tindagai eta margoak egiteko balio du, eta baita etxeko zoruak babesteko ere.

Erlazionatutako proiektuak