“la Caixa” Gizarte Ekintzak eta Euskadiko LHk ekintzailetzaren aldeko konpromisoa berritu dute

 In Tknika-ri buruz

Sarrera hau beste hizkuntza hauetan dago eskuragarri: Español

“la Caixa” Gizarte Ekintzak 114.000 euro bideratuko ditu Lanbide Heziketako ikastetxeetan Urratsbat programaren bidez ikasleek sorturiko enpresen finantziazioan laguntzeko

2004-2005 ikasturtetik, Lanbide Heziketako ikasleek 738 enpresa sortu dituzte Urratsbat programaren bidez. Horietatik %70 jardunean dira egun. 2016-2017 ikasturtean 87 enpresa sortu zituzten.

 

Hirugarren urtez jarraian, “la Caixa” Gizarte Ekintzak eta Euskadiko Lanbide Heziketak duela bi urte abian jarririko lankidetza hitzarmena berritu dute ikasturte honetan ere. Lankidetza honen helburua da, Lanbide Heziketako ikasleen ekintzailetza egitasmoei bultzada ematen jarraitzea. Akordio honi esker, “la Caixa” Gizarte Ekintzak finantziazioan laguntza emango die Urratsbat programaren bidez Lanbide Heziketako ikastetxeetan 2017-2018 ikasturtean ikasleek sortutako enpresei.

Helburu horrekin, “la Caixa” Gizarte Ekintzak 114.000 euro bideratuko ditu elkarlan honetara. Ikaslan elkarteak (Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak batzen dituen Elkartea) funts hori dagoeneko legalki osaturik dauden Lanbide Heziketako ikasleen enpresa proiektuen artean banatuko du –edozein delarik ere hauek hartu duten forma juridikoa eta sektorea-, betiere enpresok Urratsbat programaren bidez 2017-2018 ikasturtean sortuak badira. Horrez gain, “la Caixa” Gizarte Ekintzak bideraturiko diru-kopuruaren zati bat ekintzaile-kultura sustatzeko eta Urratsbat programari zabalkundea emateko ekintzetara ere bideratuko da.

Akordioak, era berean, 52 beka eskaintzea ere jasotzen du. Beka horiek Ikaslan elkarteko ikastetxeek Erasmus+ programan praktikak egiteko aukeraturiko ikasleei zuzenduko zaizkie, bidaia gastuak ordaintzeko lagungarri.

Gaur goizez Donostian burutu den sinadura ekitaldian izan dira Juan Pedro Badiola, Euskadi eta Cantabriako CaixaBank-eko lurralde zuzendaria, Jorge Arevalo, Lanbide Heziketako Sailburuordea, Iñaki Mujika, Tknikako zuzendaria; eta Lidia Alcerreca, Ikaslan Gipuzkoako kidea, Ikaslan Araba eta Bizkaia ere ordezkatuz.

Juan Pedro Badiolaren hitzetan, “Tknikarekin daukagun hitzarmen hau la Caixa Gizarte Ekintza 2014tik hona gazteen langabeziaren aurka egiteko ezartzen ari den planaren baitan kokatzen da, gazte guztiengana iristen saiatzeko urtero milioi bat euro baino gehiago bideratuz”, azaldu du. “2018 honetan hitzarmen horietako batzuk berritzen ari gara, eta beste eragile batzuengana hedatzen, ekintzailetza eta auto-enpleguaren aldeko ahalegina indartuz. Beste ildo batean, “la Caixa” Gizarte Ekintzak Incorpora programa ere garatzen du Euskadin, gizarte bazterkeriaren arriskuan dauden pertsonei lana errazten diena. Programa honek 2017an 864 lagun txertatu ditu lan merkatuan 428 euskal enpresarekin lankidetzan, eta autoenpleguaren bidez, 44 enpresa berri sortzen lagundu du”.

738 enpresa sortu dira; %70k jardunean jarraitzen dute

Urratsbat programa 2004-2005 ikasturtean abian jarri zenetik, bertan parte hartzen duten ikastetxeek 1.965 ekintzailetza-proiektu tutorizatu dituzte. Hala ere, daturik esanguratsuena sortutako enpresa kopuruari dagokiona da: 2004-2005 ikasturtetik 738 enpresa sortu dira Urratsbat programaren bidez, ikasleek eurek Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan sortuak. Horietatik 87 joan den 2016-2017 ikasturtean bakarrik sortu zituzten. Egun, 13 urte hauetan zehar sortu diren enpresa guztien artetik %70ek jardunean jarraitzen dute.

Aurreko datu horiek azaltzeko gako nagusietako bat, zalantzarik gabe, ekintzaile-kulturaren inguruan ikasleekin egiten den sentsibilizazio lana da. Azken urte hauetan, Urratsbat programaren bidez, Lanbide Heziketako 84.600 ikaslek jaso dute ekintzailetzaren inguruko sentsibilizazioa, horietatik 12.115ek joan zen 2016-2017 ikasturtean. Egun, Euskadiko 64 ikastetxe ari dira Urratsbat programan parte hartzen: 5 Araban, 32 Bizkaian eta 27 Gipuzkoan.

Bestalde, iazko 2016-2017 ikasturtean Ikaslan Elkarteko ikastetxeetako 304 ikaslek (184 Goi Mailako Zikloetako ikasleak, eta 120 Erdi Mailako Zikloetakoak) Europako hainbat herrialdetan praktikak egin zituzten, Erasmus+ mugikortasun programaren bidez. Polonia, Italia, Bulgaria, Finlandia, Alemania, Irlanda, Erresuma Batua edo Herbeheretara joan ziren, besteak beste, euren prestakuntza osatzera. Era berean, Ikaslan ikastetxeetako 12 irakaslek ere aukera izan dute Europako beste herrialde batzuetan Lanbide Heziketaren garapen maila bertatik bertara ezagutzeko.

Urratsbat programa

Lanbide Heziketako ikasleen ekimen sortzailea sustatzen duen programa bat da Urratsbat, eta ikastetxeak enpresa-inkubagailu bihurtzen dituena. Horretarako, programan parte hertzen duten ikastetxeek ekintzailearen bulegoa jartzen duten ikasleen eskura, baita beren instalazioak ere, proiektua merkaturatze-fasean dagoenean garatzeko. Lanbide Heziketako ikasleei beren enpresa sortzen laguntzea du helburu nagusia Urratsbat programak.

Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleei nahiz ikasle ohiei zuzendua dago Urratsbat programa, baina baita ikastetxearekin ikastaroen bidez harremana duen beste edozein pertsonari ere.

Urratsbat programan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak programa dinamizatzeko arduradun bat dauka: “irakasle dinamizatzailea”. Pertsona hau ekimen sortzailea sustatzen duten jarduerak planifikatzeaz eta antolatzeaz arduratzen da, eta baita enpresa-ideia bat aurkezten duen ikasleari prozesu horretan laguntzeaz ere.

Ikastetxeak ikasle ekintzaileari formazioa, tutoretza eta proiektuaren jarraipena eskaintzen dizkio, irakasle dinamizatzailearen laguntzaz. Gazte ekintzaile hauek, gainera, Lanbide Heziketako ikastetxearen instalazioak eta tresneria ere erabil ditzakete  euren enpresa-proiektuaren hastapenetan.

Tknika, Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa, programaren koordinazioaz eta ikastetxe-sarearen dinamizazioaz arduratzen da. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak berriz, programarako beharrezko bitartekoak ipintzen ditu.

 

Donostian, 2018ko maiatzaren 15ean

Erlazionatutako proiektua

Urratsbat