FormaNAEN – Mugaz gaindiko administrazioan formakuntza saioa

 In Nazioartekotzea

Sarrera hau beste hizkuntza hauetan dago eskuragarri: Español

Gipuzkoa, Nafarroa eta Pirinio Atlantikoetako Lanbide Heziketako ikastetxeetako 119 ikaslek parte hartu dute mugaz gaindiko administrazioari buruzko prestakuntza‑jardunaldi batean, POCTEFA “FORMA NAEN” Europako egitasmoaren esparruan.

·       Prestakuntza‑jardunaldi bat antolatu da Irunen, eta hiru lurraldeetako 116 ikaslek hartu dute parte.

·       Hiru lurraldeetako ikasleek hainbat tailer eta talde‑jardueratan parte hartu dute, mugaz gaindiko merkataritza- eta administrazio‑izapideen ezagutza eta ulermena hobetzeko.

Nafarroako 35 ikaslek, EAEko 52 ikaslek eta Akitaniako 29 ikaslek parte hartu dute Irunen egindako prestakuntza‑jardunaldian. FORMA NAEN proiektuaren baitan programatutako jardueretako bat izan da, POCTEFA Programarekin batera finantzatutakoa.

Usurbil, Plaiaundi, DONAPEA, Elizondo eta Lycée Largente ikastetxeetako ikasleak tailerretara eta talde‑jardueretara joan dira, enpresa, autonomo edo elkarte batek mugaz gaindi egin behar izan ditzakeen mugaz gaindiko administrazio‑izapideak egiteko behar diren tresnak ezagutzeko.

Halaber, jardunaldia baliagarria izan da Euroeskualdearen lurraldean garapen profesionalerako dauden aukerak eztabaidatzeko, baita ikasleen, irakasleen eta parte hartzen duten ikastetxeen arteko harremanak indartzeko ere.

Testuinguru horretan, egitasmoak mugaz gaindiko administrazio‑kudeaketaren arloko material didaktikoa ere prestatu du. Material hori ikastaroetan erabili ahal izango da eta baliatu nahi duten gainerako ikastetxek ere eskura izango dute. Arola Urdangarin Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko zuzendariak zehaztu duenez, “helburua da Administrazio eta Finantza arloko Heziketa Zikloak egiten ari diren ikasleei tresnak eskaintzea, mugaz gaindiko harremanak arautzen dituzten lege- eta merkataritza‑araudiak kudeatzen ikas dezaten”.

Forma NAEN egitasmoa Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroako eskualdeen artean abian jarritako ekimena da, eta 2020‑2022 biurtekorako prestakuntza‑eskaintza kualifikatua eta espezifikoa garatu nahi du Lanbide Heziketaren baitan, mugaz gaindiko ingurunera egokituta egongo dena, eta gazteei benetako enplegu‑aukerak eskaintzeko gai izango dena. Egitasmo honen xedea bikoitza da: batetik, azterlanak eta analisiak egitea du xede —beharrezkoak baitira, besteak beste, tituluak baliozkotzeko eta trebakuntzak parekatzeko— eta, bestetik prestakuntza‑modulu praktikoak egitea.

Egitasmo hau aurrera eramateko, lankidetzan dihardute honako eragileok: Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa Euroeskualdea; Chambre des Métiers et de l ‘Artisanat des Pyrénées Atlantiques, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua, ZubiGune Fundazioa, Usurbil LHII, Ikaslan Gipuzkoa, TKNIKA eta Chambre Régionale de Métiers et de l’Artisanat de Nouvelle‑Aquitaine. Proiektuan parte hartzen dute, halaber, Lycée des métiers Paul Bert, LGT Saint Dominique, Lycée Louis de Foix, Plaiaundi, Don Bosco, Elizondo Lanbide Eskola LHI‑IIP, Donapea LHI, Virgen del Camino LHI eta EEI‑k.

Forma NAENek 746.875,68 euroko aurrekontua du. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 finantzatzen du Interreg V‑A Espainia, Frantzia eta Andorra (POCTEFA 2014‑2020) programaren bidez. POCTEFAren helburua da Espainia‑Frantzia‑Andorra mugako eremuaren integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Eskaintzen duen laguntzaren ardatza mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzea da, horretarako lurralde garapen iraunkorrerako estrategia bateratuak baliatuz.

Erlazionatutako proiektua

FORMA NAEN