EUROPAKO BATZORDEAK BISITA EGIN DU EUSKADIRA, LANBIDE HEZIKETAKO EUSKAL EREDUA EZAGUTZEKO
Sarrera hau beste hizkuntza hauetan dago eskuragarri: English, Español
Europako Batasuneko ordezkaritza bat Euskadin da egunotan, Lanbide Heziketako euskal ereduaren ezaugarri nagusiak zuzen-zuzenean ezagutzeko asmoarekin. Enplegurako Zuzendaritza Nagusiari atxikia den Europako Batzordeko Lanbide Heziketa Atalaren arduradun nagusia, Joao Santos, buru dutela, lan taldea Europako Batasuneko arduradunek osatzen dute, baina baita Europako 14 estatutako ordezkariek ere, Finlandia, Austria, Alemania, Suedia, Italia, Lituania, Estonia edo Erresuma Batuan, besteak beste, enplegu politikez arduratzen direnak.
Gaur goizez, Tknikaren egoitzan hartu du ordezkaritza hau Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak. Goizeko saioetan, mahai inguruetan elkartu dira euskal ordezkariak Europakoekin batera, eta Lanbide Heziketaren inguruko ikuspuntuak partekatzeko aukera izan dute. Saio horietan hizpide nagusietako bat, eta Euskadiko Lanbide Heziketak dituen ezaugarrien artean Europan interesik handiena sortarazten duena, euskal Lanbide Heziketa enpresen beharrei –eta bereziki ertain eta txikiei- ematen ari den erantzuna izan da. Era berean, ekintzailetza-kultura sustatzeko edo Lanbide Heziketako institutuetan bertan enpresak sortzeko egiten den lana, edo irakaskuntza prozesuan ezartzen ari diren metodologia berriak ere hizpide izan dira.
Gaur arratsaldez berriz, bisita praktikoak burutu dituzte. Europako ordezkaritzak bertatik bertara ezagutu ditu aipaturiko metodologia berritzailea ezartzen duten ikasgela horiek. Eredu berritzaile horren elementu nagusia lankidetzazko ikaskuntza da, erronketan oinarritutakoa. Aldaketa metodologiko honek espazio fisikoen antolaera berria ere eskatzen du, eta helburu du ikasgelan testuinguru berriak sartzea, ikaskuntza-prozesuan ikasleen lanbide-konpetentziak hobeto garatzeko bidea emango dutenak (konpetentziak teknikoak zein zeharkakoak). Batasuneko ordezkariek, ikastetxeekin kolaborazioan Tknikan lantzen ditugun proiektu teknologikoak ere bisitatu dituzte, halanola, konpositeak, fabrikazio aditibo metalikoa, 3D inpresioa, akuikultura, droneak, gauzen interneta, egurra, edo errealitate birtuala.