Lehendakariak Tknika bisitatu du gaur
Sarrera hau beste hizkuntza hauetan dago eskuragarri: Español
Iñigo Urkullu Lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera, Tknikara bisita egin du gaur goizez. Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea ere lagun zuela, Lehendakariak hainbat tailer eta gune bisitatu ditu, Euskadiko Lanbide Heziketatik burutzen den lana bertatik bertara eta egin litekeen modurik praktikoenean ezagutzeko: zibersegurtasunaren arloan, 3D inprimaketan, ingurune birtualei dagokionean, eta baita jasangarritasunaren arloan egiten den lana ere, beste zenbaiten artean.
Lehendakariak nabarmendu duenez, mundua etengabe ari da aldatzen eta aldaketa horiei erantzuteko ezinbestekoa da formazioa ere errotik eraldatzea. Hala, Euskadin, Lanbide Heziketako profesionalak lan eskerga egiten ari direla berrikuntza aplikatuaren arloan nabarmendu du eta Tknika dela horren adierazle nabarmena.
Ildo berean, Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketaren bosgarren Euskal Plana onartuko duela adierazi du. “Hau Eusko Jaurlaritza osoaren plan estrategikoa da. Gure helburua da Lanbide Heziketa aldatzea laugarren iraultza industrialaren barruan gertatuko diren aldaketei erantzuteko”, adierazi du.
Berrikuntza teknologikoa
Gaur Lehendakariak bisitatu duen lehen gunea 3D inprimaketarako laborategia izan da. Bertan, 3D inprimaketarako existitzen diren eta Euskadiko Lanbide Heziketak erabiltzen dituen teknologiak ezagutu ditu, bai eta Tknikak teknologia hori erabiliz industria eta osasun sektoreetarako garatu dituen hainbat soluzio ere: bioereduak, ortoprotesiak, industria diseinuak, toraxa, pankrea, trakea, moldeak, kirol oinetakoak… aplikazio erreal sorta zabala, guztiak ere Tknikan eta 3D inprimagailuen bidez garatuak.
Ziber-segurtasuna eta Errealitate Birtuala izan dira Lehendakariak bisitan zehar ezagutu dituen arloetako beste bi. Lehenari dagokionez –Ziber-segurtasunari dagokionez- zentroko arduradunek erakustaldia egin dute, ingurune industrial automatizatu bati egindako ziber-eraso baten erakustaldia, eta Euskadiko Lanbide Heziketan zein prestakuntza ematen den azaldu, honelako erasoei aurrea hartzeko. Errealitate Birtuala lantzen duen tailerrean, irakaskuntzan erabiltzeko nahiz industria aplikaziorako Tknikak garatu dituen soluzioak ezagutu ditu. Lehen horien artean, nabarmentzekoak dira Euskadiko Lanbide Heziketak garaturiko pintaketa eta soldaketa simulagailuak; aplikazio birtual hauen bidez, ikasleek nahiz profesionalek trebezia hartzen dute pistola bidezko pintaketan nahiz soldaketan, ingurune birtual batean murgildurik ari direla (errealitate birtualeko betaurrekoak jantzita).
Giza hazkunde iraunkorra
Berrikuntza teknologikoarekin lotura estua duten tailerrak ikusi ondoren, Lehendakariak giza hazkunde iraunkorrarekin harremana duten guneak bisitatu ditu; baliabideen erabilera eraginkorrean oinarritutako produkzio-ereduari eta ekonomia jasangarriaren ereduari jarraiki euskal Lanbide Heziketatik bultzatzen diren proiektuez ari gara. Eremu honen barnean –beti ere giza hazkunde iraunkorraren ikuspegitik- Tknika eta Lanbide Heziketako ikastetxeak honako arlo hauetan ari dira proiektuak bultzatzen: Eraikuntza Adimenduna eta Eraikuntza Iraunkorra, Biozientziak edo Nekazaritza-elikadura Iraunkorra, besteak beste.
Azken arlo horretan, Lehendakariak Tknikan dauden akuaponia instalazioak ezagutu ditu. Akuaponiak akuikultura hidroponiarekin konbinatzen du arrainak eta barazkiak birzirkulazio-sistema batean ekoizteko. Arrainen produkzio-tangetako hondakin-ura mantenugai-iturri gisa erabiltzen da landareentzat eta horiek, aldi berean, iragazki biologikoen eginkizuna betetzen dute eta garbitu egiten dute tangetara itzultzen den ura. Horrela, sistema orekan mantentzen da eta uraren kalitate egokia ziurtatzen da.