BIM teknologiari buruzko jardunaldia EASO LHIIn
Sarrera hau beste hizkuntza hauetan dago eskuragarri: Español
BIM metodologiarekin ikasturte honetan egindako lana aurkezteko asmoz, goiz osoa iraun zuen jardunaldia antolatu zuten Ekainaren 6ean, gai honekin loturiko berrikuntza proiektua elkarlanean garatzen ari diren sei ikastetxeek: EAGI LHII, Eraiken LHII, EASO LHII, Bidasoa LHII, Usurbil LHII eta Construccion Bizkaia LHII.
45 lagun inguru bertaratu ziren eraikuntza sektorearen iraultza berri bat dakarren teknologia berri honi buruz gehiago jakiteko asmoz. Sektorean lanean diharduten profesionalen esperientzia eta irakaskuntzan erreminta honekin egindako aurrerapausoak komunean jartzeko aukera aparta izan zen.
Jardunaldiari eta proiektuari buruzko informazio gehiago:
BIM teknologia; lehen urratsak Lanbide Heziketan
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 6 Lanbide Heziketa ikastetxe (EAGI LHII, Eraiken LHII, EASO LHII, Bidasoa LHII, Usurbil LHII eta Construccion Bizkaia LHII) elkarlanean ari dira BIM teknologiaren erabilera euren egunerokoan txertatzeko lanetan.
Lantalde horretan, eraikuntza, instalakuntza eta mantentze lanekin loturiko hainbat familia profesionaletako 11 irakasle ari dira beharrean; BIM teknologiaren indargune nagusietariko bat islatzen duelarik horrek: sektore ezberdinetako profesionalak elkarlan zuzenean jarduteko aukera.
BIM teknologia eraikuntza bati dagokion informazio guztia modelatzeko aukera eskaintzen duen tresna bat da; software desberdinak integratu ditzakeen eraikuntza eta erabilpen faseetarako baliagarria den kudeaketa erreminta. Tresna honen abantaila nagusiak, multidisziplinaratsuna ahalbidetzen duela eta interferentziak eragozten dituela; 2D eta 3D irudikapenen integrazioa eta ziklo osoaren jarraipen eguneratua egin ahal izateko ematen dituen erraztasunak dira.
Gaur-gaurkoz BIM metodologiaren erabilera Europa mailan derrigorrezkoa ez bada ere, Europar Batasunaren zuzentarau batek 2014ean 28 estatu kideei finantzaketa publikodun eraikuntza proiektu guztietan erabiltzeko gonbitea luzatzen zien. Horren harira, Espainiar estatuan derrigorrezkoa izango da BIM metodologiaren erabilera eraikuntza alorrean 2018ko abendutik aurrera eta 2019ko uztailetik aurrera azpiegiturei dagokienez.
BIM teknologia ez da eraikuntza alorraren etorkizuna, oraina baizik; eta gaurko eta biharko beharginak teknologia berri honen erabileran prestatzeko beharrari erantzuna eman ahal izateko Lanbide Heziketa lanean hasia da jada.
Ildo horretan, orain arte egindako lana azaltzeko eta aurrera begirako asmoen berri emateko “BIM teknologia; Lehen urratsak Lanbide Heziketan” jardunaldia antolatu da Donostiako EASO LHII-n.
2016-17 ikasturte hasieran jarri zen abian Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzaturiko berrikuntza proiektua; proiektuak duen sostenguaren erakusle Lanbide Heziketako Sailburuordea bera, Jorge Arévalo, jardunaldiaren aurkezpenera bertaratu izana.
Jardunaldian, BIM teknologiaren egungo egoera eta etorkizunera begirako aurreikuspenak izan dituzte aztergai sektorean lanean jarduten duten zenbait profesionalek; tartean FRL ARQ Arquitectos enpresako Mikel Ochoa eta Fernando Ruiz, Alberto Salmón, CYPE Ingenieros-eko Mikel Moya eta Urquizo Ingenieros-eko Andrés García.
Amaitzeko, Donostiako ekitaldira urbildu den jendetzak, txalotu egin dute, Lanbide Heziketatik abiarazitako lana eta adi entzun dituzte ikastetxe bakoitzak beren zentroetan (EAGI LHII, Eraiken LHII, EASO LHII, Bidasoa LHII, Usurbil LHII eta Construccion Bizkaia LHII) egindako aurrerapausoei buruz bertan esandakoak.