IoT eta eraginkortasun energetikoarekin erlazionaturiko teknologiak eraikinetan (Smart Homes)

Proiektu honen jabea:Berrikuntza Teknologikoa eta Sistema Adimendunak

IoT eguneroko bizitzako objektuen eta Interneten arteko konexioari dagokion kontzeptua da, enpresentzat aukera berriak eta herritarrentzat erronka berriak irekitzen dituena. Bete-betean hedatzen ari den merkatua da, eta zenbatespenen arabera, esponentzialki haziko da hurrengo urteetan. Mundu fisikoa eta birtuala bat egiten ditu esperientzia konektatu oso pertsonalizatua eta sarritan prediktiboa sortzeko. Sentsoreak erabiltzen dituen sistema bat da. Sentsoreak askotarikoak izan daitezke (elektronikoak, mekanikoak, biologikoak) eta edozein prozesuren informazio erreala eta xehatua edukitzeko aukera eskaintzen dute. Ahalmen handia izan arren, IoT-k arazo garrantzitsuak ere baditu aurrez aurre, hala nola gailuetarako arau bateratuak, datuen babesa eta segurtasuna.

Gaur egun, enpresa handiek merkatu hori bultzatzeko interesa dute, batez ere, herritarren kontsumo-ohiturak sakonago ezagutu nahi dituztelako, emaitzak hobetzeko eta herritarrei zerbitzuak eskaintzeko, baina IoT-rekin erlazionatutako teknologiak sartzeak aukera ematen du edozein prozesu zabalago ezagutzeko eta hobekuntzak txertatzeko. Horregatik, teknologia horien aplikazio-alorrak era askotakoak dira eta publizitatearen sektoretik industria-sektoreraino doaz, tartean energia-eraginkortasuna, osasuna, energia, nekazaritza, hirien kudeaketa (smart cities) eta abar hartzen dituztela.

Proiektu honetan prestakuntzaren esparrutik eta ikuspuntu teknikotik lantzen ditugu Gauzen Internetarekin (IoT) erlazionatutako teknologiak. Batez ere, eraikinekin eta horien erabiltzaileekin erlazio handiagoa duten teknologiak hartu ditugu ardatz. Proiektuaren helburu nagusia da Lanbide Heziketako irakasleei prestakuntza-euskarria ematea Smart Home edo etxe adimendunekin erlazionatutako teknologia eta protokoloetan, irakaskuntza-edukiak eguneratzen laguntzeko. Horretarako, Tknikatik lankidetzan dihardugu Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxeekin, unibertsitateekin eta enpresekin, paradigma-aldaketaren aurrean egoera onuragarrian kokatzeko.

Proiektu hau 2017-ko uztailean bukatu da. Proiektu honetan 36 ikastetxe eta 50 irakasle trebatu dira Bilakatu zure etxea Smart Home batean ikastaroaren bitartez.

Proiektu honen harira Industrial Internet of Things (IIoT) kontzepturekin erlazionatuta dagoen proiektu berri batean hasi gara lanean. Informazio gehiago HEMEN.

Proiektu honi lotutako albisteak: