Adimen Artifiziala Industria 5.0aren zerbitzura: berrikuntza, inklusioa eta jasangarritasuna
Adimen Artifizialak (AA) aukera berriak ireki ditu industriaren sektorean, ekoizpen-prozesuak hobetzeko, baliabideak optimizatzeko, kalitatea bermatzeko eta erabakiak hartzeko modua eraldatzeko. Industria gero eta erronka konplexuagoei aurre egin behar dien honetan, AA tresna baliagarria izan daiteke prozesuak eraginkorragoak, malguagoak eta lehiakorragoak izan daitezen.
AAren garapenak eta eskuragarritasunak hainbat aukera eskaintzen dizkio industriari. Eredu txiki eta espezializatuek, hodeiko AA zerbitzuek eta tokiko AA ereduek aukera ematen dute aplikazio bakoitzaren beharretara egokitutako irtenbideak garatzeko. Horri esker, makinetatik eta ekoizpen-prozesuetatik jasotako datuak aztertu, anomaliak hauteman, mantentze-lanak aurreikusi, ikusmen artifizialaren bidez kalitate-kontrola hobetu edo langileen eguneroko lana erraztu daiteke. Erronka bakoitzaren arabera, teknologia egokiena aukeratzea izango da gakoa, eraginkortasuna, kostua, pribatutasuna eta azpiegitura teknologikoa kontuan hartuta.
Hala ere, industriaren eraldaketa teknologikoak ez du soilik ekoizpenaren optimizazioan oinarritu behar. Industria 5.0 ikuspegiak pertsonak erdigunean jartzea proposatzen du, gizakiaren eta teknologiaren arteko lankidetza sustatuz. Ildo horretan, AAren bidez langileen gaitasunak indartu, lan-ingurune seguruagoak eta inklusiboagoak sortu eta pertsonen ongizatea hobetu nahi dira, teknologia pertsonen ordez jarduteko baino gehiago, haien lana osatzeko eta errazteko erabiliz.
Bestalde, jasangarritasuna ere kontuan hartu beharreko alderdia da. AAren erabilerak baliabide konputazionalen eta energiaren kontsumoa eragiten duenez, beharrezkoa da irtenbide eraginkor eta proportzionatuak aukeratzea. *Green AI* ikuspegiak AAren garapenean eta erabileran ingurumen-inpaktua murriztea bilatzen du; *AI for Green* ikuspegiak, berriz, AA erabiltzea industriaren jasangarritasuna hobetzeko, energia-kontsumoa optimizatuz, hondakinak murriztuz eta baliabideen erabilera hobetuz.
Arlo honen bidez bilatzen dena hau da:
– Industriaren erronkei erantzuteko AA teknologia eta tresna desberdinak aztertzea eta esperimentatzea: eredu txiki eta espezializatuak, hodeiko zerbitzuak eta tokiko AA irtenbideak.
– Ekoizpen-prozesuen eraginkortasuna, kalitatea eta malgutasuna hobetzeko AA aplikazioak garatzea eta balioztatzea.
– AAren bidez pertsonen gaitasunak indartzea, gizakiaren eta makinaren arteko lankidetza sustatzea eta lan-ingurune inklusiboagoak eta seguruagoak bultzatzea.
– AAren erabilera arduratsua eta jasangarria sustatzea, baliabide energetikoak eta ingurumen-inpaktua kontuan hartuz.
– Industria 5.0 ikuspegiarekin bat datozen irtenbideak aztertzea, pertsonen ongizatea eta jasangarritasuna eraldaketa teknologikoaren funtsezko elementu gisa txertatuz.