Euskadiko LHtik robotika autonomoak Euskadin epe ertain-luzean izan ditzazkeen beharrei erantzutea.
Azken hamarkadan, teknologiaren eta zehazki adimen artifizialaren bilakaerak, robotikan inpaktua izan du. Inpaktu honen ondorioa, robotika autonomoa da; hau da, autonomia maila geroz eta handiagoa duen robotika, eta beraz, gizakiaren aldetik geroz eta esku-hartze gutxiago behar duena. Adibide kasu gisa aipa daitezke auto autonomoak, intralogistikarako flota robotikoak, erreskate-lanetarako robotak edota nekazaritza ustiapenerako robotak, besteak beste.
Euskal Autonomia Erkidegoko robotikak epe ertain-luzean izan ditzazkeen beharrei erantzuna eman ahal izateko, Espezializazio Arlo honen helburu nagusia, disziplina honen inguruko ezagutza eta trebakuntza sortzea eta Lanbide Heziketako irakaslegoaren artean zabaltzea da. Eta helburu nagusi hau lortze aldera, ondorengo ekimenetan jarduten da:
- Espazio berri bat egokitu da, bertan, teknologia eta ekipamendu robotiko ezberdinen gaineko ezagutzak landu eta praktikan jarri ahal izateko.
- Euskadiko Lanbide Heziketan identifikatutako beharrak asetzeko ekimenak bultzatzen dira. Besteak beste, irakasleei zuzendutako eta aberasgarriak izan daitezkeen teknologia berriei buruzko ikastaroak antolatzea edota teknologia berriak aplikatzeko aukera ematen duten errekurtso materialak erraztea.
Lantzen diren ezagutzak, ondorengo erara sailka daitezke:
- Garapen inguruneak: Linux sistema eragilea, Docker kontainerrak, ROS (Robot Operating System) framework-a, Python programazio lengoaia, etab.
- Atzematerako teknologiak: ikusmen artifiziala, Lidar, inteligentzia artifiziala, etab.
- Aplikazio robotikoak: SLAM (Simultaneous Localization and Mapping), auto-lokalizazio algoritmo probabilistikoak (AMCL), nabigazio autonomoa, etab.
- Simulazio eta depurazio inguruneak: Gazebo, Rviz, etab.
- Plataforma robotikoak: Go1 kuadrupedoa, Jetbot, JetRacer, JetAuto, Turtlebot, etab.
Proiektuaren garapenean CIFP Don Bosco LHII eta La Salle Berrozpe ikastetxeetako irakasleek hartzen dute parte.