4.0 Industriarentzat automatizatzen (BUKATUTA)

Industria 4.0k oinarri hartzen dituen inguruneetako teknologiak ezagutzea, LH-ko ikastetxeen bitartez ETE-etara irits daitezen errazten.

Proiektu honen jabea:Lanbide heziketari aplikatutako berrikuntza arloa

Laugarren industria-iraultza Fabrika Adimenduna (Smart Factory) izenda dezakeguna sorrarazten ari da, Alemaniak Industria 4.0 gisa definitu duena. Fabrikaren bertsio informatizatua da, prozesu guztiak konektatuta eta elkarrekintzan dituena. Horrek ezaugarri hauek ematen dizkio:

  • Malgutasuna: produkzio-baliabideek aukera ematen dute produktua, kantitatea eta epea bezeroen beharretara egokitzeko.
  • Adimena: makinak eta gailuak ingurunearekiko sentikorrak dira, baldintza aldakorretara egokitzen dira, erabakiak hartzen dituzte eta zeregin konplexuetan laguntzen dute, automantentze-lanak barne.
  • Konektagarritasuna: elementuak etengabe daude elkarrekin eta pertsonekin konektatuta, bai modu lokalean bai urrutitik.
  • Elkarlana: pertsonek eta makinek segurtasun osoz partekatzen dituzte espazioak.
  • Ingurunearen kontzientzia: sentsoreak eta ikusmen artifizialeko kamerak gehitu izanari esker.

Industria-iraultza berri horretarako erronka softwarea eta datuen analisi masiborako sistemak eta horiek biltegiratzekoak garatzean datza, produkzio-prozesuetan eta horien ondorio diren produktuetan elkarreragiten duten elementuei sentsoreak eta elektronika gehitzean, pertsonen eta makinen arteko elkarbizitzan eta erabakiak hobeto eta egokiago hartzeko informazio aberastua edukitzean.

Industriak Euskal Autonomia Erkidegoko balio erantsi gordinaren % 24 suposatzen du (EB15en kasuan % 19), baina esportazioen % 90 baino gehiago eta I+Gko guztizko gastuaren % 40 inguru hartzen du. Euskal ekonomiak industrian duen espezializazio erlatibo garrantzitsua kontuan hartuta, haren lehiakortasuna hobetzea ezinbestekoa da enpresak bizirik irauteko ez ezik, gure gizarteak aurrera egiteko ere.

Proiektu honetan, Tknikatik, Industria 4.0k oinarri hartzen dituen inguruneetako teknologiak detektatu, menderatu eta garatu nahi dira (elkarlan-robotika, ikusmen artifiziala, sistema ziberfisikoak, komunikazioak…). Horretarako, sarean lan egingo dugu Lanbide Heziketako ikastetxeekin, inguruko enpresekin lankidetzan, teknologia horiek Lanbide Heziketako ikastetxeen bitartez ETE-etara irits daitezen. Hori bat dator Lanbide Heziketako IV. Euskal Planarekin. Izan ere, plan horren azken helburua da euskal giza kapitala eta haren enplegagarritasuna bultzatzea, gaitasuna eta ezagutzak hobetzearen bidez eta espezializazioaren eta Industria 4.0 bezalako sektore berrien garapenaren aldeko apustu irmoa eginez.

Proiektu honi lotutako albisteak: