Europako markoa arlo digitalean gai diren Hezkuntza erakundeentzat

Deskargatzeko fitxategia

Argitalpen hau Europako Batzordeko zerbitzu zientifikoaren, hau da, Ikerketa Zentro Bateratuaren (Joint Research Centre, JRC), “Politikarako Zientzia” atalaren txosten bat da. Bere helburua da Europako politikak formulatzeko prozesuan laguntza zientifikoa ematea frogetan oinarrituta. Azaldutako emaitza zientifikoek ez dute inplikatzen Europako Batzordeak gaiari buruz duen jarrera politikoa.

Teknologia digitalak oso modu egokian eta gogo biziz ari dira sartzen hezkuntza-maila guztietan. Aurrerapena finkatzeko eta bere segida eta jasangarritasuna ziurtatzeko, hezkuntza-erakundeek berrikusi egin behar dituzte beren antolaketa-estrategiak, batetik, berritzeko euren gaitasuna hobetzeko eta, bestetik, teknologien eta eduki digitalen ahalmen guztia ustiatzeko. Txosten honetan arlo digitalean gai diren erakundeentzako Europako markoa aurkezten da (DigCompOrg). Marko honek Europa osoan gai honekin lotuta abian jarri diren ekimenen gardentasuna eta euren artean konparazioak egitea ahalbidetu dezake eta, aldi berean, estatu kideetako garapen ezberdinaren eta zatiketaren tratamenduan eginkizun bat bete dezake. DigCompOrg markoaren helburu nagusiak dira: (i) hezkuntza-erakundeen baitan hausnarketa eta autoebaluazioa egin dezatela sustatzea, ikaskuntza eta pedagogia digitalekin duten inplikazioa pixkana sakontzen doazen heinean eta (ii) politikak lantzeko ardura dutenei ikaskuntza digitalerako teknologiak integratzeko eta modu eraginkorrean erabiltzeko esku-hartzeak eta politikak diseinatu, inplementatu eta ebaluatzeko aukera ematea.