Karbono zuntza, sentsorika eta datuak

Proiektu honen jabea:Berrikuntza Teknologikoa eta Sistema Adimendunak

Azken urteotan nabarmen hazi da karbono-zuntzaren erabilera, eta iragarpenek diote hazkunde horrek hurrengo urteetan ere jarraituko duela. Hasieran, karbono-zuntza (FC) espazio- eta aeronautika-industriarako garatu zen, baina orain beste arlo batzuetara zabaldu da: garraio-industriara, aire-sorgailuetara, goi-mailako lehiaketarako kirolera, eta, azken aldian, karbono-zuntza sakeleko zorroetan eta ordularietan ere aurkitu dugu.

Erabiltzeko arrazoietako bat prestazio mekaniko onak eta pisu txikiarekin lotutakoak dira, eta horrek energia-kontsumoa murriztea ahalbidetzen du. Horregatik guztiagatik, uste dugu konposite-materialek lanbide-heziketako ziklo desberdinetan izan behar dutela lekua, bai diseinuaren, fabrikazioaren, akaberaren eta balidazioaren ikuspegitik.

Material horien konplexutasuna handia da. Konposite bat osatzen duten karbono-zuntz eta erretxina mota ugari daude, baita produktuaren azken propietateetan eragina duten konfigurazio eta fabrikazio-metodo ugari ere. Gainera, osagaien egitura-kalkulurako programak ditugu batetik, eta fabrikazio-metodoen simulazio-programak bestetik (infusioa, RTM…), produktuaren diseinuan laguntzen dutenak; hori guztia azken produktuaren propietate ezin hobeak lortzeko.

Proiektuaren helburua da, traineru bat fabrikatuz, konposite-materialetan oinarritutako produktu baten diseinu, fabrikazio eta balidazio faseak landu ahal izatea. Proiektuak hainbat fase izango ditu:

  • Traineru bat diseinatzea eta diseinu hori baliozkotzea, saiakuntza hidrodinamikoen eta egiturazko kalkuluen bidez.
  • Traineruaren kroskoa infusio bidez fabrikatzea, horretarako materialen eta fabrikazio-prozesuaren azterketak eginez.
  • Traineruaren barne-egitura fabrikatzea.
  • Trainerua sentsorizatzea, arraunketako indarrak neurtu eta datu horiek jaso ahal izateko, ondoren aztertu ahal izateko.

Azken helburua da material konposatuzko produktuak, karbono-zuntzezkoak zehazki, diseinatzeko eta fabrikatzeko prozesuak sakonki ezagutzea, eta datuak hartzeko eta atzemateko sentsoreak bezalako elementuak integratzeko metodoak menderatzea. Azkenik ezagutza hori lanbide-heziketaren barruan transferitzea eta antzeko ezaugarriak dituzten beste kasu batzuetan aplikatu ahal izatea.

Enpresa parte-hartzaileak: Leica Geosystems, Gazechim, Mondragon Unibertsitatea

Zentro laguntzaileak: Bidasoa GLHBI, Goierri Eskola, Miguel Altuna, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa

Iraupena: 2013-2014